XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alboko aretoan jokuan ari ziren ofizialeak noraezean geratu ziren.

Beraietako bat, Belford Hinton Wilson irlandarra, logelara agertu zen behar baldin bazuten, eta jenerala zeharretara ahozpez ohean ikusi zuen.

Manuelak beraren buruari eusten zion kanelaren gainean.

José Palacios, atea jo gabe logelan sartzeko baimena zuen bakarrak, ohe ondoan ernetasunezko egoeran iraun zuen harik eta krisia pasatu zen arte.

Orduan jeneralak sakon hartu zuen arnasa begiak malkoz beterik zituela, eta tokadore aldera seinalatu zuen.

Panteoi-lore horiengatik da, esan zuen.

Beti bezala, zeren beti aurkitzen baitzuen bere ezbeharren errudun ustekabekoren bat.

Manuelak, inork baino hobeki ezagutzen zuenak, keinuak egin zizkion José Palaciosi lorontzia eraman zezaten goizeko akara zimelduekin.

Jenerala berriro etzan zen ohean begiak itxirik zituela, eta Manuelak lehengo doinu berberaz berrekin zion irakurtzeari.

Lokartua zela iritzi zionean soilik ezarri zuen liburua gaumahaiaren gainean, eman zion musu bat sukarrak kiskalduriko bekokian, eta xuxurlatu zion José Palaciosi goizeko seietatik azken despedidarako egongo zela Lau Kantoi izeneko tokian, non hasten baitzen Hondarako errege-bidea.

Gero kanpaina-kapa batez estali zuen bere burua eta oin-puntetan irten zen logelatik.

Orduan jeneralak ireki begiak eta mintzo mehez esan zion José Palaciosi: Esaiok Wilsoni etxeraino lagun dezala.

Agindua Manuelaren borondatearen aurka bete zen, izan ere bere burua hobeki lagunduko zuela bakarrik uste baitzuen lantzari-pikete batekin baino.

José Palacios aurretik joan zitzaion kriseiluarekin gortaraino, barne-jardin baten inguruan harrizko iturri batekin zegoeneraino, non hasten baitziren loratzen goizaldeko lehen akarak.